Dagoeneko kontua dut Eman izena!
×

chat-icon Galdera azkarrak

×
  • Ez duzu jakinarazpen berririk

Abian dira Arrigorriagako bigarren aurrekontu parte-hartzaileak

Por: Laura Olabarria
image

Arrigorriagako Udalak 2025erako aurrekontu parte-hartzaileak martxan jartzea erabaki du.  Prozesu irekia da, eta, horren bidez, Arrigorriagako bizilagunek proposamenak egin ahal izango  dituzte, udal aurrekontuaren zati bat nola erabili aztertzeko. 

Udalak horrelako prozesu bat martxan jartzen duen bigarren aldia da; lehenengoa 2022. urtean  izan zen, 150.000 euroko partidarekin, eta parte-hartzea oso positiboa izan zen. Hori dela eta,  udalak aurten kantitate hori bikoiztea erabaki du. Gauzak horrela, aurtengo partida zehatza  300.000 eurokoa da. Prozesuak hiru fase izango ditu eta, prozesuaren amaieran, herritarrek  2025eko udal-aurrekontuan behin betiko sartuko diren proposamenak aukeratu ahal izango  dituzte

Arrigorriagako bigarren aurrekontu parte-hartzaile hauek gaur, maiatzaren 22an, hasi dira  ideiak biltzeko lehen fasearekin; fase horretan, erroldatutako 16 urtetik gorako guztiek  proposamenak egin ahal izango dituzte. Udalerriko auzokideen ekarpenak ez dira bakarrik  hirigintza-eremura mugatu behar, eta, besteak beste, honako baldintza hauek bete beharko  dituzte: zehatzak eta udalaren eskumenekoak izan beharko dute, bideragarritasun teknikoa, ekonomikoa eta jasangarria bermatu beharko dute, eta gutxienez 1.000 euroko kostua izan  beharko dute. 

Ekainaren 30era arte jasotako proposamenak bideragarriak diren aztertuko dute bigarren  fasean; fase horretan udal sail guztietako teknikariek eta politikariek balorazioak egingo dituzte.  Helburua da irailean proposamenen zerrenda egitea, eta hirugarren fasean, herritarrek  lehenetsi ahal izatea. 

Irailaren 1etik 30era bitartean, Arrigorriagan erroldatuta dauden 16 urtetik gorako herritar  guztiek gehienez hiru proposamen aukeratu ahal izango dituzte. Horrela, boto gehien jasotzen  dituzten proposamenak udal aurrekontuan sartuko dira, errealitate bihurtu ahal izateko.

Proposamenak egin zein bozkatzeko, herritarrek hainbat bide izango dituzte: batetik, inprimakia betez eta hainbat udal-eraikinetan jarriko diren hautestontzietan zuzenean utziz (inprimakia etxe guztietara helduko da eta udal-eraikinetan ere egongo da), edo, bestela, prozesurako sortu  den web atariaren bidez: https://erabaki.arrigorriaga.eus

Neurri hau gobernu planean jasotako konpromisoen artean dago; zehazki, 95. neurriari dagokio: agintaldian zehar parte-hartze izaerako aurrekontu-prozesuak gauzatzea.