Dagoeneko kontua dut Eman izena!
×

chat-icon Galdera azkarrak

×
  • Ez duzu jakinarazpen berririk

Udalak 174 proposamen jaso ditu Arrigorriagako bigarren aurrekontu parte-hartzaileetan

Por: Laura Olabarria
image

GEHIENAK HIRIGINTZAREN ESPARRUKOAK DIRA, BAINA KULTURAREKIN, BERDINTASUNAREKIN,  KIROLAREKIN EDO INGURUMENAREKIN LOTUTAKO PROPOSAMENAK ERE HELDU DIRA.

Arrigorriagako bigarren aurrekontu parte-hartzaileen hasierako fasea ekainaren 30ean bukatu  zen eta parte-hartze nabarmena izan da: orotara 174 proposamen jaso ditu udalak, lehenengo  aurrekontu parte-hartzaileetan baino 20 proposamen gehiago. Lehenengo esperientzia hartan,  udalak 150.000 euro bideratu zituen herritarrek proposatutako proiektuak gauzatzera.  Oraingoan, berriz, kantitate hori bikoiztu du udalak, eta 300.000 euro bideratuko ditu  herritarren proposamenak garatzeko. 

Jasotako 174 proposamenetatik, 90 emakumeek egin dituzte eta 69 gizonek. 10 anonimoak izan  dira eta 5, berriz, elkarteenak. Hizkuntzari dagokionez, 43 proposamen egin dituzte euskaraz,  130 gaztelaniaz eta 1 ele bitan. 

Parte hartzeko moduari dagokionez, hautestontzia izan da gehien erabili den metodoa, 97  proposamen jaso baitira herrian jarritako postontzien bitartez, udal kiroldegia buru dela; bertan,  43 proposamen jaso dira, 30 Abusu Zentro Soziokulturalean, 16 Herritarrentzako Arreta  Zerbitzuan, eta 8 kultur etxean. Prozesurako sortu den web atariaren bitartez, berriz, 77  proposamen jaso dira. 

Gaiari dagokionez, espero zitekeen bezala, proposamen gehienak hirigintzaren esparruan  kokatzen dira, nahiz eta kulturarekin, berdintasunarekin, kirolarekin edo ingurumenarekin  lotutako neurriak ere jaso diren. Gehien errepikatzen diren proposamenen artean honako hauek  nabarmentzen dira, besteak beste: haur parkeak berritzea, argiztapena hobetzea, kiroldegia  berritzea, aparkaleku gehiago sortzea eta hainbat kaletako irisgarritasuna hobetzea (Abusu,  Lamierreketa). 

Lehenengo fase hau amaituta, aurrekontu parte-hartzaileen prozesua bigarrenean sartuko da.  Prozesu horretan, teknikariek eta politikariek proposamenen bideragarritasuna aztertuko dute  eta bozketa-fasera joango direnak hautatuko dituzte. Datozen asteetan, proposamenen  zerrenda osatuko dute eta, ondoren, irailaren 1etik 30era bitartean, Arrigorriagan erroldatuta  dauden 16 urtetik gorako herritar guztiek gehienez hiru proposamen aukeratu ahal izango  dituzte. Horrela, boto gehien jasotzen dituzten proposamenak 2025eko udal aurrekontuan  sartuko dira, 300.000 euro guztira. 

Gobernu taldea pozik dago Arrigorriagako herritarrek egindako lan eta esfortzuagatik. Maite  Ibarra alkateak azaldu duenez, “parte-hartzea oso altua izan da eta hau oso garrantzitsua da  guretzat. Gure politika egiteko modua herritarrekin batera ulertzen dugu, elkarrekin gure  herriari dagozkionak erabakitzeko. Parte-hartze kultura hau Arrigorriagan sustraitu nahi dugu”. 

Gaizka Ibarretxek, Ekonomia, Merkataritza eta Enplegua, Kirola, Komunikazioa, Gardentasuna  eta Herritarren partaidetzako zinegotziak honako hau gehitu du: “Horrelako prozesu parte hartzaile bat martxan jarri dugun bigarren aldia izan da eta egindako proposamenak oso egokiak  izan dira. Orain, Udalari dagokio proposamenen azterketa eta kudeaketa eta teknikariak buru belarri arituko dira hurrengo fase honetan”. 

Prozesu hau gobernu-taldeak Arrigorriagako gobernu planean jasotako konpromisoen artean  dago; zehazki, 95. neurriari dagokio: agintaldian zehar parte-hartze izaerako aurrekontu prozesuak gauzatzea.