Galdera azkarrak
ODOL EMAILEEN PLAZA KONPONTZEA, LONBON KOMUN PUBLIKOA JARTZEA ETA AGIRRE LEHENDAKARIA PARKEKO JOLASGUNEA NATURALIZATZEA IZAN DIRA, ARGI ETA GARBI, HIRU ZERRENDETAKO BAKOITZEAN HOBETSITAKO AUKERAK.
Arrigorriagako bigarren aurrekontu parte-hartzaileetan, herritarren inplikazio handiak markatuta, erabaki da prozesu horretara bideratutako 300.000 euroak zertan inbertituko diren. Herritarrek 174 neurri proposatu zituzten hasierako fasean, eta, ondoren, teknikariek eta politikariek aztertu eta gero, bost proposameneko bi zerrendatan eta hiru proposameneko zerrenda bakarrean garatu ziren.
Hirugarren fase honetan, herritarrek berriz ere iritzia eman dute proposamenak lehenesteko, eta lau neurrik irabazi dute; hala ere, gobernu-taldeak beste hiru neurri egiteko erabakia hartu du, eta, beraz, zazpi neurri gauzatuko dituzte guztira.
Hiru zerrendetan, neurri gogokoena argi geratu da botoak zenbatu ondoren. Kopuru handieneko zerrendan (100.000-150.000 euro), alde handiz irabazi du 3. proposamenak, Agirre Lehendakaria parkeko jolasgunea naturalizatzea. 214 boto jaso ditu guztira.
50.000 eta 100.000 euro bitarteko ekimenen zerrendan, 1. proposamena izan da bozkatuena: Lonbon komun publikoa jartzea. 171 boto jaso ditu. Hala ere, udalak zerrenda honetako beste bi neurri gauzatuko ditu: batetik, udalerriko hainbat tokitan egiten ari den asfaltatze-lanak aprobetxatuz, udalak Lamierreketako autobus geltokia egokituko du. Bestetik, Montefuerteko zelaiaren perimetroko hesiak konpontzea erabaki du gobernu taldeak.
Azkenik, kopuru txikieneko zerrendan (0-50.000 euro), bi izan dira proposamen bozkatuenak. 1. proposamenak, Odol Emaileen plaza konpontzeak, jaso ditu boto gehien, zehazki, 201. Lonboko saskibaloi zelaia margotzea eta txukuntzea proposamena, berriz, bigarren geratu da 131 botorekin.
Horrez gain, bozkei dagokienez kanpoan geratzen den arren, udalak zerrenda honetako beste neurri bat egitea erabaki du, zehazki, Abusuko Zamapeña jubilatuen etxearen ondoko plazako irteeran espaloia beheratzea.
Gauzak horrela, guztira, zazpi dira gauzatuko diren herritarren proposamenak, eta Arrigorriagako bizilagunen inplikazioari esker arrakasta handia izan duen parte-hartze prozesu honen ondoren ikusiko dute argia. Udalak eskerrak eman nahi dizkie guztiei parte hartzeagatik, interesagatik eta egindako ekarpen baliotsuengati .
Bozketen emaitzak www.arrigorriaga.eus webgunean ikus daitezke.