Galdera azkarrak
13 PROPOSAMEN HAUTATU DIRA, ETA IRAILAREN 10ETIK 30ERA BITARTEAN, HERRITARREK 300.000 EURO ZERTARAKO ERABILI ERABAKI AHAL IZANGO DUTE BEREN BOTOEKIN.
Arrigorriagako bigarren aurrekontu parte-hartzaileen hirugarren fasean gaude. Herritarrek 174 proposamen egin zituzten hasierako etapan. Ondoren, udal-teknikariek, gobernu-taldekideekin batera, bideragarritasun-azterketa eta azken behaketa egin zituzten, eta hainbat neurri hautatu zituzten. Orain, herritarren txanda da berriro, botoak emateko unea.
Esan bezala, gobernu-taldeak eta bulego teknikoak elkarrekin egindako lanari esker, bozketa fasera igaroko diren herritarren proposamenak aukeratu ahal izan dituzte. Oreka bilatu nahi izan dute balio erantsiko irizpideetatik abiatuta, hala nola lehentasuna, eraginkortasuna, ahalik eta herritar gehienei mesede egitea, etab. Herriguneari eta Abusuri buruzko proposamenak sartzen saiatu dira. Guztira, 13 neurri dira.
Proposamenak baztertzeko arrazoiei dagokienez, hiru izan dira nagusiki: alde batetik, aurreikusita zituzten edo plangintzan jasota zeuden proposamenak baztertu dituzte; bestetik, ekonomikoki bideragarriak ez ziren proposamenak ere alde batera utzi dituzte; eta, azkenik, ikuspuntu teknikotik bideragarriak ez ziren proposamenak ere baztertu dituzte.
Orain herritarrek 300.000 euroko partida zertarako erabili zuzenean erabaki behar dute. Irailaren 10etik 30era bitartean, Arrigorriagan erroldatuta dauden 16urtetik gorakoek botoa emateko aukera izango dute. Hiru multzo aurkituko dituzte: 0 eta 50.000 euro bitarteko bost proposameneko zerrenda bat, 50.000 eta 100.000 euro bitarteko bost proposameneko beste bat, eta 100.000 eta 150.000 euro bitarteko hiru proposameneko azken zerrenda bat. Lehenengo zerrendan gehienez bi proposamen aukeratu ahal izango dituzte parte-hartzaileek, eta, azken bietan, berriz, aukera bakarra; guztira, lau proposamen. Garrantzitsua da jakinaraztea bakoitzak behin bakarrik eman dezakeela botoa.
Lehenengo fasean bezala, botoa emateko hainbat bide izango dituzte: batetik, inprimakia betez eta hainbat udal-eraikinetan jarriko diren hautestontzietan zuzenean utziz (inprimakia etxe guztietara helduko da eta udal-eraikinetan ere egongo da), edo, bestela, prozesurako sortu den web atariaren bidez: https://erabaki.arrigorriaga.eus.
Fase hau amaitu ondoren, zenbaketa egingo da eta urrian zehar Arrigorriagako Udalaren 2025eko aurrekontuan sartuko diren herritarren proposamenak jakinaraziko dira.
Maite Ibarra alkateak adierazi duenez, “Arrigorriagan horrelako ariketa kolektiboa egiten den bigarren aldia da, eta emaitza ikaragarria izaten ari da. Lehenengo fasean 174 proposamen jaso genituen, eta parte-hartze altu hori oso garrantzitsua da guretzat. Gure politika egiteko modua herritarrekin batera ulertzen dugu; elkarrekin gure herriari dagozkionak erabakitzeko. Horregatik, orain arte egin bezala, prozesuan jarraitzera animatzen ditugu herritarrak. Guretzat plazer handia da zuekin, Arrigorriagako herritarrekin, bidea egiten jarraitzea”.
Prozesu hau gobernu-taldeak Arrigorriagako gobernu planean jasotako konpromisoen artean dago; zehazki, 95. neurriari dagokio: agintaldian zehar parte-hartze izaerako aurrekontu prozesuak gauzatzea.